IRUÑA-VELEIA
Urtarrilaren 28an grafitoak argitzearen eta babestearen aldeko manifestazioa
![]() |
Iruña-Veleia Martxan |
Arabako Foru Aldundia
apiriletik aurrera eskabadora behin baino gehiagotan erabiltzen ari da
Iruña-Veleian. Haiek esaten dute harresia egonkortzeko dela baina
errealitatea bestelakoa da. Izan ere hondeamakinaren erabilera
gehiegizkoa izaten ari da. Hasieran harresiaren barnealdetik 120 metroko
luzera, 3 metroko zabalera eta metro bateko sakonera duen zerrenda
zulatu zuten. Hau da, 360 metro karratu erabat suntsitu zuten,
bazekitenean harresiari lotuta aztarna arkeologikoak zeudela.
Hori gutxi balitz, bigarren atearen inguru
arkeologiko osoa suntsitu dute. Horretarako berriro hondeamakina
erabili eta 6 metro zabalera, 15 metro luzera eta 4 metro sakonera
dituen zulo handi bat egin dute, bertan zegoen guztia isurtegira botaz
eta den-dena altxatuz. Hau da, beste 90 metro karratu erabat suntsitu
dute eta hor zeuden estratu arkeologiko guztiak betiko galdu dira.
Historian doktore den Xabier Gorrotxategik
eskuartze hau salatzen duen txosten arkeologiko bat idatzi du. Bertan,
ondorioztatzen du ezin daitekeela eskuartze arkeologiko batez hitz egin.
Izan ere, aztarnategiaren zati bat suntsitzeko lan bat besterik ez da
izan.
Hau ez da lehen aldia eskabadoraz eremu batzuk suntsitu dituztenak, laugarrena baizik.
Lehenengoan Eliseo Gilek penintsulako
abezedario zaharrena topatu zuen eremua suntsitu zuten, eskabadora metro
eta erdira baino sakonago sartuta, indusketetan erabat debekatuta
dagoena. Bigarrenean Errosetoien etxean sartu zuten eskabadora, Eliseok
euskerazko eta kristau testu gehienak topatu zituen lekuan. Hirugarrena
harresi ondoko bidea altxatu zuten. Eta eskabadora sartu duten laugarren
honetan, esan bezala, 450 metro karratu suntsitu dituzte. Oraingoa
basatiena izaten ari da, beste eremu batzuetan berriro sartu nahi dutela
dirudielako (marka batzuk…).
Esan beharra dago Lurmenek
bertan topatutako grafitoen egiazkotasunaren inguruko eztabaida oraindik
argitu gabe dagoela, Eliseo Gilek orain del 16 urte egin zuen eskaera
oraindik bete gabe dagoelako: topatutako 50 grafito garrantzitsuenak
Europako prestigioko laborategietan datatzea, termoluminiszentzia,
karbonato kaltzikoen analisia edo karbono-14ren bidez. Baina, hala ere,
Arabako Foru Aldundiak, dirua datazioetan inbertitu beharrean, Iruña-
Veleia suntsitzen jarraitzen du, unibertsitate, kultura, euskalgintza
eta hedabideen eragile gehienen bildotsen isilkeriaren aurrean.
Horregatik herritarrei deitu egiten diegu
Gasteizen, urtarrilaren 28an, 12etan Arabako Foru Aldunditik abiatuko
den manifestazioan parte hartzera, Iruña-Veleia argitzeko, suntsiketa
gelditzeko eta babesa eskatzeko.
Zure zain gaude!
2024.01.02.
Iruña-Veleia Martxan
![]() |
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina
Utzi iruzkina hemen (izen eta abizenez bada, sinesgarritasun handiagoa izango du; baina, talde baten izenean edota anonimotasunaren babespean nahiago baduzu(e), aurrera!)