AHT GELDITU!
Herritarron onurarako izan behar lirateken aurrekontuak bereganatzen ditu, Natura eta ondarea hondatzen ditu, turbokapitalismoaren logikak mugitzen du, jendartea eta herri ekonomia kaltetzen ditu.
![]() |
Elefante txuria |
Abiadura handiko trenak bizidun guztien ongizaterako beharrezkoak diren baliabide eta baldintzak
suntsitzen ditu:
- Zaintza eta jendarte ongizatera bideratu beharko liratekeen aurrekontuak
bereganatzen ditu. (oraintxu Kobid osteko funtsetatik Tafalla-Campanas
tarterako 281 milioi euro eta Ebro gaineko zubirako 60 milioi euro hartuta
erreskatatu berri dute): zaharren egoitzetako langileen lan baldintzak
hobetzera, etxeko langileen lan egoera duintzera, haurreskoletako ratioak
gutxitzera, hezkuntzan behar berezietarako laguntza areagotzera, kultur sormen
eta zaintzaren balioa aitortu eta horretan aritu ahal izateko baldintzak
zabaltzera, osasungintzan lehenengo arreta, eta prebentzioa indartzera, gizarte
segurantzan herritar orori hilabete amaierara iritsi ahal izateko aukera ematen
duen gutxieneko diru-sarrera edo pentsioa bermatzera,…
- Natura eta ondare publiko eta komunitarioen merkantilizazio, pribatizazio,
industrializazio eta hondatzean sakontzen du: lurraren okupazio,
artifizializazio eta zatiketan, ur sareen (akuifero, iturburu, hezegune,
iturri) kalte eta kutsatzean, ekosistemak eta bioaniztasunak iraun ahal izateko
behar duten oreka desagerraraztean, landa eremuko eta tokiko ekonomientzat
gakoak diren komunalen gutxitzean, elikadura burujabetza eta agroekologiarako
behar den lurra desagertaraztean, zaintza zerbitzu eta osasungintza esku
pribatuetan gelditzea erraztean, energia beharrak handitu eta horrek landa
eremua energia ekoizteko eta garraiatzeko azpiegitura handiez betetzean,
bizitza osasuntsu eta patsadan bizitzeko eskubidea ezabatzea...
- Kolonialismo kapitalistan oinarrituta landa eremuetako eta hegoalde
globaleko natur baliabideak eta pertsonak ustiatzen ditu: porlan eta
mineralak eskuratzeko proiektu suntsitzaile eta zapaltzaileak sustatzen ditu,
horren ondorioz herritarrak ipar globaleko hiriguneetara mugitzera behartzen
ditu, eraikuntzan beste herrialdeetatik langileak ondainsari eskas, lanaldi
luze eta baldintza gogorretan aritzera ekartzen ditu, tokian errotutako lanbide
extentsibo jasangarriak itotzen ditu, landa eremuak herritarrez hustutzen ditu…
- Jendarte arrakala areagotzen du eta gertuko harremanak eta ekonomia
kaltetzen du: herritar ororena den diru publikoa gutxi batzuek erabiliko
duten azpiegitura bat eraikitzen eta mantentzen xahutzen dute, enpresa pribatu
jakin batzuen mesedetan, etorkizuneko belaunaldiak zorpetzen ditu zuzenean eta
zeharka, jendarte kohesiorako eta gertuko harremanak zaintzeko beharrezkoa den gertuko
garraio publikoa kaltetzen du…
HONENGATIK ETA ASKOZ ERE GEHIAGORENGATIK, URTARRILAREN 20an ETOR ZAITEZ 12etan
IRUÑEKO DIPUTAZIOTIK ABIATUKO DEN ABIADURA HANDIKO TRENA GELDITZEA
ESKATZEKO MANIFESTAZIORA.
BIZITZA ERDIGUNEAN, EZ PORLANA!!
AHT Gelditu!
Nafarroa Garaia
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina
Utzi iruzkina hemen (izen eta abizenez bada, sinesgarritasun handiagoa izango du; baina, talde baten izenean edota anonimotasunaren babespean nahiago baduzu(e), aurrera!)