Bakardade digitala -Aitor Martin-


GIZARTE INGENIERITZA

Nekerik okerrena, mentala da: akitu egiten gaitu ekintza hasi aurretik ere. Eta hain gaude emozionalki desgastatuak... Saturazioak eragina da (zertarako egin ezer, dena hain dago oker, autosuntsiketa da bide bakarra... bla, bla, bla). Baina unatu gara.


Gaur egun, beti konektatuta egon behar dugu... eta, paradoxikoki, gero eta deskonektatuago gaude geure buruekiko.

AUTOREA

Aitor Martin

Beasaindarra. Lehen sektoreari estu lotuta, Gipuzkoan tea landatzen du. BaserriSoft blogaren sortzailea.


ARTIKULUA

1979an jaio nintzen, eta gogoratzen dut haurtzaroan manifestaldiak oso ohikoak zirela, edo, behintzat, hori da gordetzen dudan oroipena. Manifestazio bakoitzaren ondoren, gomazko piloten bila ibiltzen ginen Ordiziako geltokiaren ondoan dauden heskaien artean. Gogoan dut pilota gorriak eta beltzak aurkitzen genituela...


Zergatik zeuden lehen hainbeste manifestazio eta orain hain gutxi, gaur egun gauzak berdin edo okerrago badaude?

Oraindik langabezia arazo bat da, soldatak ez dira iristen bizitza duin bat eramateko, gazteek ezin dute etxebizitza jabetzan eskuratu, ekoantsietatea dugu, osasun publikoa gero eta okerrago doa eta erakundeekiko mesfidantza etengabe hazten ari da...

Motiboak soberan ditugula uste dut, baina borrokan hasi aurretik ere leher eginda gauzkan mundu baten ahuleziak garaitzen gaitu.

80ko hamarkada aldaketa garaia izan zen, ez geunden hain ondo, bainan gazte askok bere lehen autoa erosteko aukera izan zuen. 
Autoa garraiobide bat baino askoz gehiago zen: mugikortasunaren, askatasunaren eta aurrerapenaren sinbolo bat zen.

Mugikortasun berri horrekin, lokalizatuta egoteko eta harremanetan egoteko beharra sortu zen. 
Horregatik oso ohikoa ziren beren autoetan irratizale ekipoak (Banda Ciudadana, CB izenekoak) instalatzea. Haien bidez koordinatzen ziren, non zeuden, zer egiten zuten edo zer plan zituzten kontatzen zuten. Sare sozial primitibo moduko bat izan zen.

Handik gutxira, 90eko hamarkadaren hasieran, lehen telefono mugikorrak iritsi ziren, hasieran "pijoek" erabiltzen zituzten, baina gero prezioa jaitsi egin zen.
90eko hamarkadan, Internet pixkanaka ezartzen hasi zen; 1995ean, internetaren erabilera oso mugatua zen eta ez zen biztanleriaren ehuneko esanguratsu batera iristen, frikiak edo, unibertsitateekin lotura handia zuen jendea izaten zen normalean. IRC Hispanoko txatetan eta usernet-eko foroetan nabigatzen zen, non, sozializatzeaz eta ligatzeaz gain, Interneten informazio asko partekatu eta lortu ahal zen, komunitate bat zen eta denok denengandik ikasten genuen.


Mugikorren popularizazioarekin, CB emisorak desagertzen joan ziren, jada ez ziren behar. Mugikor batekin, beti egon zintezkeen lokalizatuta. Hori bai, garai hartan (90eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran) deiak eta SMSak oso garestiak ziren. Horregatik asko erabiltzen genituen dei galduak, nork ez du bere ama gogoratzen "etxera iristen zarenean, dei galdu bat egin" esanez?

Jauzi handia smartphone-ekin iritsi zen, 2007tik aurrera, lehen iPhonea merkaturatu ondoren. Ordutik, hitz egin, WhatsApps bidali edo argazkiak eta bideoak partekatzea mugagabea eta ia doakoa bihurtu zen, hori bai, gure pribatutasuna eta arima plataforma handiei lagatzearen truke.

Gaur egun, WhatsAppeko jakinarazpenek, Telegrameko taldeek, argazkiek, bideoek eta mezuen etengabeko fluxuak harrapatuta eta murgilduta gauzkate, beti egon behar dugu eskuragarri, beti konektatuta... eta, paradoxikoki, gero eta deskonektatuago gaude geure buruarekiko.

Hainbeste informazio jasotzen dugu (albisteak, sare sozialak, entretenimendua), non gainezka amaitzen dugun.
Saturazioak desgaste emozionala eragiten du, zertarako balio du nik zerbait egiteak?, dena hain gaizki dago, ezin da konpondu, gizakia minbizi bat da planetarentzat eta horrek ekoantsietatea sortzen dit...

Ezintasun-efektu horrek pasibotasuna sortzen du, eta horrek indibiduala izatera garamatza.

Gaur egun, lehen bezain solidarioak gera; izan ere, Change.org bezalako orriak asmo onez beteta daude.
Egun honetan, ziurrenik dagoeneko hainbat eskaera sinatu dituzu, hamar bat "like" eman dituzu eta X sarean mezu batzuk bertxiokatu dituzu. Atseden hartzeko astia ere izan duzu, edo hobeto esanda, atseden hartzeko txakurtxo eta katutxoen bideoei so geratu zara. Eta, bitartean, konturatu gabe, zure burua frijituta geratu da.

Nire ustez, neke mentala nekerik okerrena da: akitu egiten zaitu ekintzan hasi aurretik ere.

"70eko eta 80ko hamarkadetan, gizartea borrokalariagoa zen, besteak beste, informazioa motelago eta mugatuago iristen zelako"

70eko eta 80ko hamarkadetan, gizartea borrokalariagoa zen, besteak beste, informazioa motelago eta mugatuago iristen zelako. Denbora gehiago zegoen hura prozesatzeko, hartaz hausnartzeko. Informazioa batez ere espazio kolektiboetan ematen zen: batzarrak, auzo-bilerak, topaketak... Horrek, arazoak hobeto ulertzeko aukera emateaz gain, partaideen artean komunitate-sentimendu handia sortzen zuen. Informazio-gainkarga etengaberik ez zegoenez, gatazkak zerbait hurbilagotzat eta zehatzagotzat hartzen ziren, eta horrek inplikazio handiagoa eta ekintza kolektiboetan parte hartzeko gaitasuna errazten zuen.

Estatuek eta multinazional handiek epe luzerako planak egin ohi dituzte: 25, 50 edo 100 urtera begira.

Bitartean, gu, gizarte gisa, berehalakotasunera, presara eta etengabeko distrakziora bultzatuak izan gara.

Benetan nahi zuten lekura eraman gaituzte. Hain lanpetuta, zatituta eta nekatuta gaude, non ia ez dugun antolatzeko edo epe luzera pentsatzeko indarrik ere.

Honaino iritsi bazara, esna zaudelako da. Horain mugitu besterik ez duzu egin behar.
 

Iruzkinak