ETENGABEKO ASEGABETASUNA
Gaur egun, gure gizartean, oso ohikoa da desiratzen genuen zerbait lortzean, espero genuen zoriontasuna edo ilusioa ez sentitzea. Askotan, gure buruak esaten digu: “behin hau lortuta, pozik sentituko naiz”, baina benetan eskuratzen dugunean, espero genuen poza ez da iristen. Egia esan, gure eguneroko bizimodua plazeraren, asebetetzearen eta zirrara berrien bilaketa etengabe batean bihurtu da, kasik bizitza-estilo baten parte. Kontsumismoaren eta errendimenduaren logikan murgilduta bizi gera, eta uste dugu zoriontasuna zerbait lortzearen ondorioa izango dela, eta horrek gurpil zoro batean murgiltzen gaitu.
Askotan zaila egiten zaigu ikastea barruko hutsunea ezin dela kanpoko distirarekin bete.
Normalean gure plazeraren edo zoriontasunaren bilketa norberaren gorputzetik kanpo bideratzen dugu, hau da, gure desirak kanpoko objektuetan jartzen ditugu. Desiratzen ditugun objektuak aurkitu, eskuratu edo mantentzea ezinezkoa egiten zaigunean, eta batzuetan, lortu arren, espero dugun asebetetasuna eskaintzen ez digutenean, frustrazioa areagotu egiten da, eta gure barnean asegabetasun sentimendua agertzen da. Adibidez, gutako askok gure ametsetako gizona edo emakumea bilatzen dugu, guretzat zorion mugagabearen iturri izango den norbait. Baina berdin dio zenbat bikote izan ditugun, amets horiek oraindik ez dira gauzatzen. Bidean beti zerbait gertatzen da, eta amets horiek errealitate bihurtzea galarazten duen zerbait agertzen da, ikusezina bada ere. Amets horiek ez dira gauzatzen, gure zorionaren gakoa, besteen esku uzten dugulako da, gure baitan bilatu beharrean. Besteengandik geure osotasuna lortzea espero dugu, eta kanpoko ezerk ez du gure barnean sentitzen dugun hutsunea betetzen.
Guztiok gure barnean, energia aberats eta konplexu bat daramagu, tradizionalki "maskulino" zein "femenino" gisa ulertu izan dena. Baina, gure kulturaren eraginpean, bi energia osagarri horiek integratu beharrean, sarritan bata baztertu, tapatu edo erreprimitzea aukeratzen dugu. Askotan, gizonek beren sentsibilitatea edo zaurgarritasuna ezkutatzeko presioa jasaten dute; emakume askok, berriz, beraien indarra, asertibitatea edo erabakitze-gaitasunak agerian uzteko beldur izaten dira.
Barne-deskonexio horrek hutsune-sentsazio iraunkor bat eragiten digu, funtsezko zerbait faltan izango bagenu bezala. Geure burua osotasunean ezagutzen ez dugunez, gure gabeziak kanpora proiektatzeko joera izaten dugu, barruan sentitzen dugun hutsunea besteek asebeteko dutelakoan. Ondorioz, ez gara osotasunetik erlazionatzen, baizik eta beharretik. Besteek osatuko gaituztela espero dugu, gure barne-gabeziak beteko dituztela. Baina, nola beteko dituzte besteek gure hutsuneak, guk geuk ez badakigu zeintzuk diren, ezta nola bete ere?
Jarrera horrek ondorio bakar bat dauka, hau da, segurtasun-gabezia, eta horrekin batera, kontrol-beharrak, mendekotasunak eta jabetza-grinak ere agertzen dira. Horrela harremanak ez dira askatasunetik eraikitzen, baizik eta beldurretik eta gabeziatik. Beste pertsona baten presentziak gure hutsunea estaliko duela sinesten dugunean, nahi gabe haren gainera ezartzen ditugu gure itxaropen, beldur eta premia guztiak, eta horrek tentsio emozional handiak sortzen ditu. Gainera, segurtasun-gabezia horiek ez dira beti isilpean geratzen: jarreretan, hitzetan eta ekintzetan agertzen dira, eta askotan harreman toxikoak edo mendekotasunezkoak agertzen dira.
Arazo hau ez da inondik inora norbanakoaren barne gatazka isolatu bat. Aitzitik, eskala kolektiboan ere nabarmenki agertzen da, eta gure garaiko ezaugarri batetan bihurtu da: antsietate-mailaren gorakada, depresio kasuen ugaritzea, bakardade kronikoaren normalizazioa eta mendekotasun afektiboaren onarpen zabalak dira horren adierazle argiak. Gero eta nabarmenagoa da gizarte osoan barreiatzen den ondoeza existentziala, zein frustrazioak gu gainditzea lortzen badu, talde-dinamika osoak kutsatu ditzake. Hedabideek, sare sozialek eta kontsumo-kulturak elikatzen dituzten itxaropen faltsuek, zorion perfektua, gorputz ideala edo bizitza arrakastatsu baten promesak… jendea etengabe irudi irreal baten atzetik korrika mantentzen dituzte. Ondorioz, barneko asegabetasuna ez da soilik sentimendu pertsonal bat, baizik eta gure garaiko tentsio kolektiboaren adierazpen nagusietako bat da.
Orduan, arazoa non dago? nor da gure porrotaren erantzulea, zergatik ezin dugu zoriona eta bakea esperimentatu?
Galdera horiei erantzuteko, ikus dezagun berriro nola funtzionatzen duen desio arruntak:
Nolabait osatugabe sentitzean, dudatsu eta beteta sentitzen ez garenean, gugandik kanpo bilatzen dugu norbait edo zerbait, beteta edo oso sentiaraziko gaituena. Prozesu horretan, objektua idolo bihurtzen dugu, bere ezaugarri erakargarriak gehiegi baloratuz, bere benetako izaerarekin antz gutxi izan arte. Gure desioen objektu gain-baloratuak lortzeko ahaleginean, arrakasta izan dezakegu edo ez:
Ez badugu lortzen, edo objektua gure eskuetatik kanpo geratzen bada, etsita sentituko gara; eta zenbat eta gehiago desiratu, orduan eta mingarriagoa izango da guretzat lortu ezin izateak.
Baina zer gertatzen da arrakasta dugunean, nahi duguna lortzen dugunean? Orduan konturatzen gara lortu duguna eta espero genuena ez direla gauza bera. Azkenean eskuratzen duguna ez dela gure ametsetan irudikatzen genuena, baizik eta gu geu bezalako norbait edo zerbait eskuratzen dugu, akastuna, osatugabea eta iragankorra den zerbait dela konturatzen gera.
Pertsona edo objektu horrek momentuko atsegin apur bat eman diezaguke agian, baina inoiz ez ditu beteko berari ezarritako itxaropen guztiak. Eta horregatik, lehenago edo beranduago, engainatuta eta gogor etsita sentituko gara.
Baina itzul gaitezen aurreko galderara: norekin edo zerekin lotu behar dugu gure zorigaiztoko sentimendua?
Sarritan, pertsonari edo objektuari botatzen diogu errua, arrazoirik gabe."Guapoagoa balitz...", "hobeto tratatuko banindu...", "autoa azkarragoa edo berriagoa izango balitz...". Horrelako pentsamendu dualistek betetzen dute gure burua, ditugun gauzekin etsita gaudenean eta zer alda genezakeen pentsatzen dugunean, gauzak edo pertsonak aldatzean desiratuko zoriona lortuko dugula ustez.
Frustraturik edo etsita sentitzen garenean, gure hurrengo pausoa, beste bikote bat bilatzea, edo auto berriago bat erostea izaten da, aurreko akatsetatik ezerez, ikasi gabe. Eta horrela, bueltak eta bueltak ematen diogu gure bizitzari: gauza bat edo bestea aldatuz, baina benetan inoiz ez gara hurbiltzen bilatzen dugun zorion eta barne-bakera.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina
Utzi iruzkina hemen (izen eta abizenez bada, sinesgarritasun handiagoa izango du; baina, talde baten izenean edota anonimotasunaren babespean nahiago baduzu(e), aurrera!)