Euskaltzale Independentisten Akanpada
Hemen nafarroa bEHEreak igorri agiria:
Behorlegin burutzen ari giren Euskaltzale Independentisten Akanpada aitzina doa. Euskal Herri osotik jendea biltzen ari da eta nazio ikuspegiarekin eztabaida sakonak eramaiten ari gira.
Gauetan, ELEA festibal akustikoaz gozatzen ari gira. Hiru lehen gaualdiak kalitate haundikoak izan dira, kaperak eskaintzen duen akustika bikainarekin.
Azken hiru egunentzat, ohar hauek zabaltzen ditugu:
1) Eguraldia akanpadarako ez dugunez lagun, aterbeturiko gela haundi batean lo egin daiteke;
2) Igandeko bertso-bazkaria Txerriboda izango da;
3) Bihar, larunbatez, eguerdiko hamabietan, euskaltzaleak euskararen aldeko jauziak Donibane Garazin dantzatzera gomitatzen ditugu. Jauzien bidez, instituzioei euskararen alde jauzi hau egitea eskatuko diegu: herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea. Azpian irakurgai Jauziak dantzatzearekin batera zabalduko dugun idazkia.
4) Euskaltzale independentista guziak EIAren eta ELEA festibal akustikoaren azken egunetara gomitatzen ditugu. Ahalaz izena nafarroabEHErea@proton.me helbidean eman, baina azken uneko erabakia izan behar baldin bada izena eman gabe etor daiteke ere.
Euskal Herriak Euskaraz !
Ez da dudarik Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herri abantxu guzien izenen jatorria euskalduna dela. Alta, frantsestuak dira. Inperialista da.
Herrien euskarazko eta frantsesezko izenak erabiltzen dira, baina izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, bide seinaleetan adibidez, lehentasuna frantsesezkoei emaiten zaie. Zapaltzailea da.
Euskal ortografiarekin idatzitako izen batzu frantsesez ahozkatzean, ez da euskarazko ahozkerarekiko ezberdintasunik eragiten, baina hala ere frantses ortografiarekin idatziak dira, adibidez Banka / Banca. Irrigarria da.
Izenen frantsestearen ondorioz, euskarazko eta frantsesezko ahozkerak gehienetan ezberdinak dira, adibidez Bustintze / Bustince. Kaltegarria da.
Izen ainitzen jatorria, tokiaren izaerari lotua da eta ondorioz izen horiek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez “Larresoro”, “larre” eta “soro”-tik dator, aldiz “Larressore”-ek ez du erran nahirik. Zentzugabea da.
Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea, euskara eta euskaldunak gutxiestea da. Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako eta izen hauen ondoan edo azpian doazelako izen euskaldunak. Adeigabea da.
Euskarari eta euskaldunei zor zaien begiruneagatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea eskatzen dugu. Beharrezkoa da.
Horrela, euskara ez dakitenek euskal ortografia eta ahozkera ikasten ahalko dituzte, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak egiten ahalko dituzte. Ongi etorri euskararen mundura. Ederra da.
nafarroa bEHErea


Iruzkinak
Argitaratu iruzkina
Utzi iruzkina hemen (izen eta abizenez bada, sinesgarritasun handiagoa izango du; baina, talde baten izenean edota anonimotasunaren babespean nahiago baduzu(e), aurrera!)