Iratzartze espiritualaren bost etapak -Haizea Urtasun Rosano-

JATORRIRA ITZULTZEA

Argitzapenera ez da argizko irudiak irudikatzen heltzen, baizik eta iluntasuna agerian ipintzen.

Jarraian doana bideo itzulpen-laburpen bat da.

ZERTZELADAKA 

Iratzartze espirituala ez da gainazalekoa, ideia edota sinesmenei dagokiona, baizik eta norberaren nortasunaren oinarriak astintzen dituena, ilusioetatik erauzten gaituena eta errealitatea begi berriz ikustera gomitatzen gaituena.

Iratzartze bakoitza bakarra izan arren, bilatzaile gehienek iragaten dituzten fase amankomunak daude, antzinaroko tradizioetan jasoak.

Lehena, arrakala puntua. Beldarra, hegan egitera deitua dela jakin barik, desegiten hasten den tenorea da. Samindura paisaia honek, paradoxikoki, argirako prestatzen du lurra.

Bigarrena, hasierako kolapsoaren ondotik, zerbait berria ernetzen hasten da. Guzia ezbaian ipintzen hasten zara. Nor naiz egiazki? Zergatik nago hemen? Zer esanahi du honek guztiak?

Hirugarrena, lehenago intuizio hutsak zirenak, zuzeneko bizipen bilakatzen dira. Zer edo zer askoz handiagoaren parte zarenaz jabetzen zara. Norbanakoaren nia geu kosmikoan disolbatzen hasten da. 

Laugarrena, agerkundeen ostean, osoki barneratzeko tenorea heltzen da. Barneratze espirituala zure ulermen berriak zeure eguneroko bizitzarekin bateratzearen artea da. Egiazko espiritualtasuna sinplotasunean ipintzen da proban, neork ikusten ez zaitunean jokatzen dozun eran.

Bosgarrena, ez da bakartzea, munduan kontzienteki presente egotea da, oinak lurrean eta arima zeruan. Dimentsioen arteko zubi bizi bat izatea da. Konbentzitzeko beharrik ez duen itsasargia. Besterik gabe, dizdira egiten duzu, eta zure presentziak eraldatu egiten du. 

Batzuetan bi fase edo gehiago bizi ditzakegu aldi berean, edota aurreko etapa batera itzuli, osatzeke zegoen zerbait berrartzeko. Iratzartzea ez da helmuga bat, ibiltzeko modu bat baizik. Zeure izatearen zentroranzko zirkulu zentrokideak gero eta sakontasun eta egi handiagoz zeharkatzea da. 

 

SAKONKIAGO

‘Argitzapenera ez da argizko irudiak irudikatzen heltzen, baizik eta iluntasuna agerian ipintzen’ 

(Carl Jung) 

Iratzartzea

Sentitu duzu inoiz zure barnean mugitzen den zera izendaezin hori? Ahots apal sakon eta iraunkor batek xuxurla egingo balizu bezala: bizitzan bada orain arte ezagutu duzuna baino gehiagorik. Antzinako deiadar bat da, arimatik jaio eta unea heltzen jakonean iratzartzen dana. Ez da ausazkoa, seinale bat baizik. Gizaki batek has dezakeen bidaia sakratu eta eraldatzaileenetako bati ekiteko tenorea heldu denaren seinalea. Iratzartze espirituala ez da gainazalekoa, ideia edota sinesmenei dagokiona, baizik eta norberaren nortasunaren oinarriak astintzen dituena, ilusioetatik erauzten gaituena eta errealitatea begi berriz ikustera gomitatzen gaituena. Eta iratzartze bakoitza bakarra izan arren, aztarna energetiko bakan baten modun, bilatzaile gehienek iragaten dituzten fase amankomunak daude. Etapa hauek atalaseak*1 bezalakoak diz, norberare buruaren bertsio zahar batetik beste baterako pausua ezartzen dutenak. Benetako, jare eta jainkozkoarekiko konektatuago dagoen bertsio berri batera.

Zeure mundua astintzen duen hastapeneko kaosetik, sustraituriko arimaren argitasun bareraino, etapa bakoitzak bere asmo, botere eta misterioa ditu.

 

Sarbidatuen*2  bidexka: Iratzartzearen Antzinako Jakintza


Antzinaroko jakintzek jaso eta gordetako prozesu bat da.

Egipton: iniziatuak herio eta birjaiotze espiritual prozesu sinbolikoetatik gidatuak ziren, barne kaosa eta ezjakintasunaren amildegia zeharkatu eta, ezagutzaren argia eta oroarekin bat egitea aurkitzeko azkenik.

Indiako tradizioetan: Kundaliniaren prozesua bezala zen ezagun, zutabearen oinarrian lo dagoan energia sugekariarena, chakretan zehar igoz pertzepzio espiritualeruntz iratzarriz eta konszientzia zabalduz doana, samadi edo argitzapenera heldu arte.

Budismoan: benetakoa den iratzartze espiritual orok bere baitan daroa haustura, argitasuna eta eraldaketa. 

Kristautasun gnostikoan: bihotzaren jakintzaz eta arimaren eskilaraz berba egiten da, iratzartzea barne zeruranzko igoera kontziente bat dela agertuz. 

Filosofo neoplatonikoek: anamnesis izeneko prozesua irakasten zuten, alegia, jaio aurretik arimak jasotako jakintza berezkoaren bergogoratzearena; arima mundu fisikora ikasi, ahaztu eta azkenik bere izaera jainkotiarra oroitzeko izaki etorria. 

Kultura txamaniko askotan: iratzartzea espirituaren deiadar batekin hasten zen, eraldaketaren hasiera markatzen zuen krisi edota gaixotasun baten bitartez. Erantzuten ziotenek proba sinbolikoak gainditu behar zituzten, baraualdiak, begitazioak, isolamendua, egoaren heriotza… osatzaile, gidari edo begitaziodun gisa birjaio arte.

Tradizio hauek, denbora eta geografian sakabanatuak, sen sakon bat partekatzen zuten: iratzartze espirituala ez da gertakari bat, bidaia bat da, eraldaketa sakoneko bide bat, sarritan mingarria, beti sakratua. Eta bidexka hori aroz markatua da, iragateez, iluntasunetik argitasunera garamatzatenak, nahasmenetik argira, ni txikitik, izaki infinitura.

Iratzartzearen lehen hiru etapak  arima eraldatzen hasten den arragoatzat*3 har ditzakegu. Batzuk mingarriak dira, beste batzuk argigarriak, baina denak ditugu beharrezko.

 

Lehena, arimaren gau iluna

Etapa hau, maiz ez da desiratua, baina erabat beharrezkoa, arrakala puntua, da. Ni zaharra suntsitzen hasten den unea da. Zinela uste zenuen hori guztia, zure izaera, zure helmugak, zure sinismenak, zure harremanak… zentzua galtzen hasten dira. Hutsik senti zaitezke, galduta, baita lehen segurtasuna ematen zizun horretaz guziaz deskonektatua ere. 

Samindura paisaia honek, paradoxikoki, argirako prestatzen du lurra.

Fase huntan, arima barnerantz begiratze egoera batean sakonki murgiltzen da. Egoa kontrola mantentzen saiatzen da, baina indartsuagoa den zerbait iratzarria da jada.

Sintomarik ohikoenak krisi existentzialak, antsietate espirituala, hutsune sentsazioa, asmo galtzea  eta isolamendu emozionala dira.

Baina kaos hau ez da zigorra, garbikuntzari hastapena ematen dion su alkimikoa baizik. Beldarra, hegan egitera deitua dela jakin barik, desegiten hasten den tenorea da.

 

Bigarrena, barne deiadarra

 

Hasierako kolapsoaren ondotik, zerbait berria ernetzen hasten da. Sotila da hasieran, txinparta ahul baina iraunkor bat bezala. Deiadarra da. Sentsazio arin etengabeko bat, ikusgarria denaz haratago, eguneroko munduaz haratagoko zerbait dagoela diona.

Guzia ezbaian ipintzen hasten zara. Nor naiz egiazki? Zergatik nago hemen? Zer esanahi du honek guztiak?

Gai espiritualek erakartzen zaituzte, antzinako filosofiek, sinboloek, misterioek. Zeure buruaren ezagutzarekiko erakarpen ia magnetiko bat sentitzen duzu.

Etapa honek tradizio esoteriko askotako lehen iratzartzearekin antzekotasun handiak ditu. Arima gogoratzen hasten den unea da. Ez dago argitasunik oraindik, baina bai egarria, egi egarri bat, aurkitua izatearen zain dagoen errealitate sakonago bat dagoenaren intuizioa.

Hemen hasten da bilaketa kontzientea. Iraganean ezikusikeriz bazterturiko liburuak irakurtzen dituzu. Meditazioa, yoga, tarota, astrologia edota txamanismoaren tankerako jardunbideek erakartzen zaituzte; ez moda modun, baizik eta zeure barnean lokarturik dagoen zerbait hori esnatzeko tresna gisa.

Ohiko sintoma batzuk sinkronizidade*4 jarraituak, amets sinbolikoak, gainazalkeriazko inguruetatik urruntzeko beharra, edota zer edo zer ikustezinarekin konexioan egotearen sentsaziñoa dira.

 

Hirugarrena, konszientziaren zabalpena

 

Etapa huntan, lehenago intuizio hutsak zirenak, zuzeneko bizipen bilakatzen dira. Errealitatea beste molde batez antzematen hasten zara. Zurruna zena, jariakor, arin, bihurtu da. Banaturik ageri zena elkarkonektaturik agertzen da. Gorputz soil bat baino zerbait gehiago, norbanakotzat duzun historia hori baino gehiago, zarela ulertzen hasten zara. Zer edo zer askoz handiagoaren parte zarenaz jabetzen zara. Norbanakoaren nia geu kosmikoan disolbatzen hasten da.

Bake sakon uneak bizi ditzakezu, guztiarekin bat egotearen sentipena. Batzutan laburrak diz, baina aztarna ezabaezina uzten dabe.

Epaia errukitasunagatik ordezkatua izaten hasten da, errua onarpenarengatik, beldurra presentziarengatik.

Tradizio askotan fase hau goi-niaren jaiotzatzat da ikusia, arimak agintea hartu eta ikuspegi goragoko batetik gidatzen hasten zaizunekoa.

Sintomarik ohikoenak enpatia handia, bizkortze energetikoa, naturarekin lotura sentsazioa, bizipen mistiko edota traszendentalak eta itxuraz azalpenik ez duten argitasun uneak dira.

Hiru etapok, eroraldiak, deiadarrak eta zabalpenak, iratzartzearen lehen ziklo handia osatzen dute. Ez dira errazak, baina erabat sakratuak dira, bakoitzak estalki bat hausten duelako, egi bat agertu, eta are gehiago hurbildu zure benetako izateari.

Arima benetan nor den gogoratzen eta errealitatea irudipenaren estalkiaz haratago ikustatzen hasi da.

Baina iratzartze espiritualaren bidaia ez da bategite bizipen iragankor batean bukatzen. Jarraian datorrena are sakratuagoa da, eta erronka itzela. Gogoratua izan den hortan bilakatzea, argia hezurmamitzea, ernai bizitzea.

 

Laugarrena, osoki barneratzea: iratzartzea bizi eginik

 

Agerkundeen*5 ostean, osoki barneratzeko tenorea heltzen da. Etapa hau, sarritan, ez da hain ikusgarria, baina aurrekoak baino erabakigarriagoa da.

Ikuspenak ukan dituzu, jabetze sakonak, beharbada baita bizipen mistikoak ere, baina orain hori dena Lurrera ekarri behar dozu.

Barneratze espirituala zure ulermen berriak zeure eguneroko bizitzarekin bateratzearen artea da. Heben egiten dute askok estropezu. Estasisean iraun gure dabe, baina egiazko espiritualtasuna sinplotasunean ipintzen da proban, egunerokoan, kaosari erantzuterako orduan, zeure harremanak maneiatzeko garaian, neork ikusten ez zaitunean jokatzen dozun eran.

Zure bizitza araztatzen hasten zara, zeuregaz durunda egiten ez dauana askatzen hasten zara: ohiturak, jendea, beharrak, inguruak… ez epaietik, ezpada bereizkuntzatik.

Ez da uko egite samingarri fase bat, baizik eta fintasun kontzientearena. Iratzarri duzun kontzientzia berri horretatik zeure errealitatea zizelkatzen ari zara.

Benekotasun behar sakon bat ere agertzen da. Jadanik ezin dozu maskararik sostengatu. Erabateko koherentzian bizi gure dozu. Pentsatu, egin eta sentitzen duzunak, denak egin behar du dar-dar frekuentzia berean.

Ohiko sintoma amankomunak barne koherentziaren bilaketa, bizi estiloan aldaketa muturrekoak, helburu beharra eta barne isiltasun denboraldi luzeak dira.

Etapa luzea da, zizklikoa, bira bakoitzean sakonduz doan espiral baten modukoa. Ez da neoiz amaitzen, beti daualako osoki barneratu beharreko zer edo zer gehiago. Baina geruza bakoitzak askeago egiten zaitu, arinago, egiazkoago.

 

Bosgarrena, maisutasun kontzientea: izatea oroaren zerbitzura

 

Iratzartzearen bosgarren etapa ez da bakartzea, ez isolamendua, ez eta perfekzioa ere. Munduan kontzienteki presente egotea da, oinak lurrean eta arima zeruan. Dimentsioen arteko zubi bizi bat izatea da.

Fase huntan jadanik ez zaude bilaketan. Ez jakinduria guztia eskuratu izanagatik, baizik eta jadanik aurkitu dozulako zeure barnean dena barnebiltzen duen iturria. Bilatzailearen nortasunetik argi eroalearenera igaro zara. Maisutasun hau ez da harrokeria ez eta egoz beteriko argiztapena ere, umiltasun aktiboa da. Denak etengabeko bilakaeran jarraitzen duenaren jakitun zara, baina jadanik ez zara erresistitzen. Jarioz mugitzen zara, laguntzen duzu, zeure energia hedatzen duzu.  Inposatzen ez duen gidaria zara, ikaslerik gabeko maisua, konbentzitzeko beharrik ez duen itsasargia. Besterik gabe, dizdira egiten duzu, eta zure presentziak eraldatu egiten du.

Puntu honetan, zure energia bertzeengan zirrara sorrarazten hasten da. Prest dauzanak erakartzen dozuz. Zeure hitz, isilune eta ekintzak osabide izaten hasten dira. Ez prestatzen dozuzalako, baizik eta beste zeozer handiagoaren bitartekari zaralako. Hauxe da budismoko bodhisatva etapa, Vedantako gizon eraldatu-gauzatua, gnosis-ean haragiztaturiko Cristoarena. Ez da mundutik bananduriko norbait, baizik eta erabat presente dagoan izaki bat, bertzeen artetik argi-zuzi bat eroango balu lez oinez doana.

Sintomarik ohikoenak barne bake sakon bat, hoztasunik gabeko lotura eza, inspirazio etengabea, bilatzaileen erakarpena eta espazio energetiko altuak eusteko gaitasuna dira.

Baina etapa hau, guziak lez, ez da helmuga finko bat, ez da mendi gailurra, ezpada ziklo barri bati irekiera. Benetako maisuak misterioaren ikasle izaten darraielako, eta hatsa geratzen zaion bitartean bere durunda doitzen diharduko du, isiltasunean zerbitzari, uneoro oroituaz bideak ez duela amaierarik, sakontasuna soilik. 

 

Zabaltze-sakontze amaigabea


Bost etapa hauekaz, arima iratzarri egiten da, araztu, zabaldu, lerrokatu… eta azkenik, egiazki den horretan bilakatzen da. Jadanik ez dago atzera itzultzerik, jada ez da maskararik, soilik egi gorenetik bizi den izakiaren presentzia.

Halabaina, ez da bide lineal bat. Batzuetan bi fase edo gehiago bizi ditzakegu aldi berean, edota aurreko etapa batera itzuli, osatzeke zegoen zerbait berrartzeko. Iratzartzea ez da helmuga bat, ibiltzeko modu bat baizik. Zeure izatearen zentroranzko zirkulu zentrokideak gero eta sakontasun eta egi handiagoz zeharkatzea da.

 

*1 Atalase: umbral

*2 Sarbidatu: iniciado

*3 Arragoa: crisol

*4 Sinkronizidadea, Jung-en arabera, bi gertakari edo gehiagoren arteko kointzidentzi esanguratsua da, harreman kausalik ez duten arren, euren esanahiagatik loturik daudenak.

*5 Agerkunde: revelación

 


HARPIDETZA EGITEKO

 

 

 

 

 

Iruzkinak