Oiloen askatasuna, gure gizartearen ispilu -Aitor Martin-

 ELIKADURA BURUJABETZA

Gaur oilo bat haztea ia ekintza subertsibo bat da. 

Sistemak behin da berriz, milaka oztopo jartzen dizkigu landa-ingurunearekin ditugun loturak apurtzeko. Nekatu nahi gaituzte, etsiarazi, erosotasunaren katez lotzeko, eta azkenean, dena supermerkatuan erostera kondenatzeko.


2021eko uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuaren arabera, hegazti-ustiategi guztiak erregistratuta egon behar dira. Betebehar hori betetzen ez bada, ohartarazpen formala edo 600 eta 3.000 € arteko isuna jaso daiteke.

Gaur egun oilo pare bat legalki izateko, erregistratu behar ditugu, erreferentziazko albaitari bat izan, milaka paper bete, eta nola ez tasak ordaindu... 

Lehen guztiz naturala zen zerbait… orain zergatik bihurtu dute hain konplikatua?

Jada, zure patioan erregistratu gabeko bi oilo edukitzea delitua da.

Hemendik aurrera, 2025eko urriaren 10etik, aire zabalean ibiltzea debekatuta izango dute, eta eguzkia leiho baten atzetik ikusi beharko dute.

Orain dela urte batzuk gu egon ginen bezala.

Gure segurtasunagatik dela esaten digute.

Baina, benetan hala balitz, zergatik ez dute ezer egiten gure egunerokoan benetan hiltzen gaituzten beste milaka gauzen aurrean?

Mikroplastikoak gure gorputzean, aire kutsatua biriketan, pantailak begietan, estresa bihotzean...

Eta hori ez gaitu hiltzen, baina gripearekin dagoen oilo baten arrautza... hori bai arriskutsua!

Hegaztien gripea ez da kutsatzen ez arrautzengatik, ezta behar bezala prestatutako haragia jateagatik. Kutsadura, gorotzekin edo ingurune kutsatuarekin kontaktu zuzena izateagatik gerta daiteke.

Baina hori ez dizute kontatzen. Beldurrak egia baino gehiago saltzen duelako.

Bitartean, landan edo landa inguruan bizi garenok egunero ikusten dugu:

burokrazia gehiago, traba gehiago, lege gehiago… eta guzti honek gure elikagaiak geuk ekoizteko gogoa kentzen digu.


Gauza guztiak pixkanaka debekatzen dituzte, urratsez urrats, lo gauden bitartean.

Eta horrela, izarren azpian animaliak haztea, lurra lantzea, fruituak biltzea edo besterik gabe naturaren erdian lo egitea ere, delitu bihurtzen ari dira.

Ez dute nahi gure elikadura gure esku egotea.

Landa-eremuan nolabaiteko autosufizientziarekin bizi diren pertsonak, baserri askotan gertatzen den bezala, sistemarentzat deserosoak dira.

Beraien etxe edo baserrietan argindarra, ura eta elikagaiak ekoizten badituzte, nola presiona ditzake sistema edo estatuak, haien menpekotasuna bermatzeko?

Pertsona hauei ezin zaie ezer kendu, beraien oinarrizko beharrak baserrian bertan aseta baitituzte.

Baina zerbait esango dizut: benetan aske izan nahi baduzu, ez ahaztu inoiz Vandana Shivak esaten zuena "zure elikagaiak zeuk haztea erresistentzia politiko eta askatasun ekintza bat da".

Beraz, hegazti gripearekin nahi duten zarata guztia atera dezatela...

Guk aspaldi ikasi genuen benetako birusa beldurra dela.

Eta antidotoa sinplea da: landara itzuli, lur komunak babestu, bizirik dagoen guztia zaindu, barrutik eta kanpotik giltzapetu ez gaitzaten.




Iruzkinak