Waxapkulua: sasipankarten erasoa, ezker abertzalearen txostentismoa, titi txikien edoskitze gaitasuna... eta beste! -Haizea Urtasun-

GIZARTE INGENIARITZA 

Ezberdinak gara. Gezurra dirudi hain gauza sinple eta ebidentea azaltzearen beharra sentitzeak. Berdin bezala errekonozitu nahi dugu elkar. EZETABERDINAK gara.

pantailismorako lan tresnak / ihh

 

Aupa Mendi! 

 

Ez hartu ezer pertsonal bezala, eee. Azaltzen dizut ulertzeko orokorrean, honekiko nire funtzionamendua, pentsatzen dudalako zurearen oso desberdina izango dela. Niretzat jakintza sakonak, +- hierarkia honetan lortzen ditugu:

1) Naturan (denbora motelean, zikloetan, lurrarekin kontaktuan, lasaitasunean).

2) Giza hartuemanetan.

3) Bizipenekiko elaboratzen ditugun narratibetan (hausnartzen, geure buruari azalpenak ematen saiatzen, geure historia -mentalki bada ere- idaztean).

4) Gizateriaren lan klasikoekin janzten (liburuen bitartez, batez ere).

5) Bizi dugun garaiko obretaz elikatzen (liburu, prentsa, irrati, web gune ez adoktrinatzaileak...).

 

Jakintza zabala da, ta gure gaitasuna mugatua. Hortaz, ezin danatara iritsi. Denbora galtzen badugu, momentuko espektakulu mediatikoak jarraituz ("Politika" deituriko zirko erromatar horren aktoreen antzezpenak kasu), urrundu egiten gara jakintza sakonetatik, denborarik geratzen ez zaigulako eta (beharbada larriagoa), geure arreta norabide erabat okerrerantz bideratzen dugulako.

 

Lehen konplexuz aitortzen nuen, egoera sozialak eskatzen zuenean, gehiengoak ezinbestekotzat jotzen dituen kontuekiko nire ezjakintza. Jada ez. Esaten dizut, benetan, urte asko direla zuzenki  zapaltzen gaituen gertueneko estatuko presidentea nor den ez dakidala (zer esanik ez hegoalde honetan urrunxeago sentitzen dugun estatu frantsesekoa). Beraz, tipa hori, bideokoa, eztakat ideia putik ere nor dan baina, begira, arreta deitu dit zure azken komentarioak. Gora berdintasuna? Ironia ote den zalantzetan. Ez bada, iradokizuna. Agian on egingo liguke espektakulu demagogikoaz distantzia hartzeak, burmuinak desintoxikatzeak, eta oinarrizko gauzei buruz sentitzen jartzeak. Berdintasuna goraipagarria da? Exijigarria? Desiragarria?

 

Nik ez dut gizon bat izan nahi. Are gutxiago gizondutako emakume bat. Eta (badakit txokantea egiten dala, egunero propaganda politiko eta publizidade -politiko, baita ere, ingeniaritza sozialaren beste frente bat baita- dominatzaileaz elikatzen bazara, baina) ez ditut "gizonen eskubide berberak" nahi. Ez naizelako gizona, nire beharrak ez direlako, neurri handi batean, zuenak, eta nire ekarpenak, beste neurri handi batean, ere ez. Beraz, izaera ezberdina, behar ezberdinak eta potentzial ezberdinak baditugu (eta primeran dago, hala behar du, naturan halaxe sortuak gara, ez "kasualidadez", ze mekaguentodo, erditzen ari naizen unean bere gizon ezaugarriak ehuneko ehunean indarrean dituen gizon bat nahi dut alboan, balizko harrapakariei -XXI. mendeko hemengo bertsioan,  erditze gelako sasi sendagile eta sasisendagile aspirante ikasle tropa kuriosoa, adibidez- aurre egiteko prest). Ber moduan, nire emakumetasunak (printzipioz, joera naturalez, baina argi, maila ezberdinetan garatua eta beti ere gizontasunari loturiko ezaugarriekin fusionatuta, zuei kontrara gertatzen zaizuen moduan) ematen dizkidan gaitasunak baliatu nahi ditut (adibidez, habia egiteko garaian -XXI. mendeko hemengo bertsioan, etxea antolatzeko orduan-, praktikotasunaren eta estetika atsegin goxagarriaren arteko oreka bilatuz).

 

Ezberdinak gara. Gezurra dirudi hain gauza sinple eta ebidentea azaltzearen beharra sentitzeak.

 

Berdin bezala errekonozitu nahi dugu elkar, gure arbasoek egiten zuten moduan, elkarrekin partekatzen dugun gizatasun legez.

 

Ez eta berdinak. Ezetaberdinak. Hitz horixe asmatu nuen aurrekoan, Berdintasunaren aldarriak (eta ezkutuan gordetzen duen demagogia guztiak) sortzen didan goragalearekiko antidototzat.

 

Garai batean, igual (eztakat erabat argi, honen inguruan hausnartzea falta zait), zentzua eduki zuen berdintasuna eskatzen zuen oihuak.

 

Orain, geure gorputz-arimak entzuten uzten ez digun burrunba bihurtu da.

 

Gainera, afera soziala ere lekualdatzen duena, bide batez (es ke ze listoak diran putaseme-alaba hauek, ze despistatuta gauzkaten): berdintasuna aldarrikatuz lehertzen 'ditugu' ahots-kordak, bai, baina berdintasuna non? zertan? esplotatzen gaituen sistemak ematen dizkigun papurretan? Baaai, izan gaitezen esklabu zintzo zerga ordaintzaile eta kontsumitzaile alaiak, baina denok Berdin Esplotatuak, mesedez, XXI. mendean gaudela, hombre ya. [Tía, esanber dezu 'bollera ya'. Joder, barkatu. Bale, biño arreta pixket, eee, hurrengoan 100 puntu sozial kendu beharko dizkizut, bakizu. Bale, bale, barkatuuu, izan arren bekatu].

 

Iragan astean, soldata bera eskatzen zuen pankartak erasotu ninduen, zubitik autoko haizetakoa zeharkaduz, nire furgoko intimitatera salto eginez. Barruan giro (toxikomano xamarra baina) polita genuen. Su Ta Gar, kafetxoa, "zigarro baten kea, momentua, unea..." (hortaz Glaukoma baita ere, beste plano batetan). Eta bum. Zartakoa. Baina ze ostia da hau? Zorotu in gara o zeee? EZTUGULA SOLDATARIK NAHI, KABROIAK, GEURE BEHARRAK ASETZEKO BEHAR DITUGUN ETA LAPURTU ZENIZKIGUTEN BALIABIDEAK NAHI DITUGULA (mendiak, basoak, ura, lurra, autoantolaketa egiturak...).

 

Istripu (g)unea pasata, giro goxora itzuli nahia. Baina ezin. Aitorren ahotsa, euri moduan, itzalirik. Juantxorena zer esanik ez. Kafea, bapatean mikaztua. Zigarroa gelditzen zait... hau kontsolamendu trixtia.

 

Buruan... ya, a ber, biño hau (letra larrizko garraxia) orain etor dakidake, argi eta esfortzurik gabe, ibilitakoak ekarritako argi-kolpeengatik, baina lehen ez. Orain urte batzuk (hogei urteen bueltan, kasu), barne erreakziorik gabe pasako litzateke sasialdarri hau nire bizitzatik, are gehiago, lehenago (nerabetan, kasu) neure egingo nukeen (ezker abertzaleko txostentismoak kalte handia egin dio herri honi..., lehenik ulertzeko arazoak, behin jatorrismoaren kodigoarekin familiarizatuta, nolabaiteko subidoia eta despiste garaia, gordetzen duen -eta esponentzialki in krestxendo doan- ezjakintzetatik askatzeko zurrunbiloa ondoren...).

 

Hortaz... aizu Haizea, jada ez da zure funtzionamendu moldea, biño kasu -barne ahotsak ze maitagarriak diren, euren argitasun laguntasunagaz-, zentzu komunak dio orbandutako zubi horren petik pasatako gizakien (hiritar normopatak, gehienak) gehiengoak ez dituela erasotik babesteko tresnak (berr)eskuratuak...

 

Ya. Ba ze ingo det nik ba, 'norbera da salba dezakegun pertsona bakarra' (Pako -Iriarte-, mila esker jakintza hau erreka bazter hartan nire bizitzara ekartzeagatik!). Ba halaxe joango zaie bizitza... Akaso ez horren gaizki, eee, ze beira, haiek eztute istripu arriskurik euki zubipean, ta niri basurde bat atera zait iparraldeko itzulinguru xarmant honetan...

 

Ala, ala, segi dezadan neurera... Arbasoen Mendekua, dpm, ezin egokiago, bolumena topera. Um, kafea goxatu da ostera.

 

Ezetaberdintasuna, burruka hauetan galdurik (iparra galdurik), gabiltzan bitartean, behar dudan hitz bat da. Eta halabeharrez sortutako beste guztiak bezala, autoretza eskubiderik exigitu gabe botatzen dut noan tokitik. Lagunartean, idatzietan... Ez datorrela hiztegietan? Badago, bai, doako batetan gainera. Gustuko baduzu, zuretzat ere, opari.

 

Zelako txapa sartu dizudan! Artikulu bat atera zait! Zoragarri, momentuz inor ez baita pantailaurrean haurtxo sortu berri hau kolektiboki edoskitzeko lanetan jarri. Bo, nire titien txikitasunaz par asko egin izan dute (ikastola garaian) eta ezbaian jarri euren idoskitzeko gaitasuna (Segiko bileratan -!!!-, lagunarte asmo onez beterikoan, familia politikoan, Osakidetzako Edoskitze Ikastaroetan -!!!-...), eta beira, aurrena 4 urtez ta bigarrena 3z (pazientzia ere agortu itten baita bizitzan...) aritu ziren behar-nahi haina elikatuz (jaki eta maitasunez) erditutako bi haurrak. Zerbaitek esaten dit nini hau ere, bere sozializazio prozesua errespetatuz (jendeak denboratxo bat beharko baitu 'bai Haizea, idatziko dut zeozer' esatetik egitera), denboratxo batez bakarrik hazteko gai izango naizela.

 

Gero, bere bidea egin beharko du, eta nik, erraztuz, alde batera egingo dut... Zeinen ederra den haurrak hazten ikustea!

 
 
ESTEKATURIKO IDAZKIAK

Normaltasun berria eta hiritar normopatak -Ane Miren Elordui-Zapaterietxe-: https://independentea.eus/normaltasun-berria-eta-hiritar-normopatak/

Argitaratzeko -Burujabe-: https://burujabe.blogspot.com/p/argitaratzeko.html

Euskal Herria ikastegia -herriBiltza-: https://sites.google.com/view/herribiltza-web-orria/hasiera/euskal-herria-ikastegia?authuser=0

 

BURUJABE ALDIZKAKARIA JASOTZEKO

waxap: https://chat.whatsapp.com/C3eCiCaThHG1w0JIv2WOI0

e-posta: eskatu 616170897an edota urrohaizea@gmailcom-en.

(ez bainaiz zuzeneko esteka bat sortzea lortzen ari, soilik ezagunak ditudan helbideak gehitzea lortu dut, norbaitek azaldu nahi badit nola egin, primeran!)

Iruzkinak